Logo Ahizpa Ospitalariak Aita Menni

Aita Menni Berriak

Pertsonak eta zentroak

Olatz Otaola / Bilboko Aita Menni Neurorrehabilitazio Zentroa (Cener)

Olatz Otaola, Bilboko Aita Menni Neurorrehabilitazio Zentroko harrera gunean.

Bilboko Aita Menni Neurorrehabilitazio Zentroa Bizkaiko hiriburuko Egaña kaleko 10. zenbakian dago, 1997an hasi zen martxan, Arrasateko Aita Menni Ospitalean 1992tik egiten ziren kalte zerebraleko errehabilitazio zerbitzuak deszentralizatzeko eta modu anbulatorioan eskaintzeko.

Aita Mennin “Cener” gisa ezagutzen da, eta lokalak dituen bi solairuetan 24 kolaboratzaile eta laguntzailek osatutako plantilla batek lan egiten du. Horietako bat Olatz Otaola da, 2005etik Familia Ospitalarioko kidea, eta zentroko eremu ez-asistentzialeko departamentuak koordinatzeaz arduratzen da.

“Cenerrek errehabilitazio zerbitzuak ematen dizkie kalte zerebral batek eragindako sekuelak dituzten pertsonei; normalean iktusa eta, neurri txikiagoan, garezurreko traumatismoak izaten dira –azaltzen digu–. Diziplina anitzeko talde bat dugu, mediku psikiatrak, neurologoak eta errehabilitatzaileak, neuropsikologoak, fisioterapeutak, terapeuta okupazionalak eta logopedak barne, fisioterapia, terapia okupazional, logopedia eta neuropsikologia arloetan errehabilitazio neurologikoko programa integralak eskaintzen dituztenak”.

Neurorrehabilitazio Zentroan jarduera etengabea da, eta geletan paziente askoren sartu-irteerak ikusten dira egunero. Ohikoa da haien artean haurrak ikustea, 2008an Cenerren Haurren Errehabilitazio Unitate bat jarri baitzen abian, urtero ehun paziente inguru hartzen dituena. “Garapen psikomotorrean nahasmenduak eta atzerapenak, paralisi zerebrala, hartutako kalte zerebrala edo prozesu onkologikoetatik edo tratamendutik eratorritako sekuelak dituzten paziente adingabeak artatzen ditugu, modu anbulatorioan, eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitzartutako 0-6 urteko arreta goiztiarreko zentroa ere bagara”, gehitu du Olatzek.

Zentroko beheko solairuan, hormetan marrazkiak eta koloretako altzariak daude, eta hor daude txikienak tratatzeko espazioak. Bolaz betetako igerileku bat, zabu bat, ohatilak, koltxonetak, fitballak, uztaiak, stepak, bosuak, errulu erraldoiak, lanerako beste elementu batzuk eta jostailu asko daude banatuta haurrentzako bi errehabilitazio geletan.

Kalearen mailan dagoen gela zabal batek kalte zerebralaren sekuelak tratatzeko azken aurrerapen teknologikoak jasotzen ditu. “Hemen gailu robotiko aurreratuak ditugu, hala nola Amadeo –eskua eta hatzak errehabilitatzeko–, Diego eta Pablo –sorbaldak eta besoak errehabilitatzeko– edo Omego Plus –motrizitate arazoak dituzten pazienteen beheko gorputz adarren errehabilitazioan laguntzeko, hasierako estadioetan, zutik egotea ere ezinezkoa denean, zein jada oinez egin daitekeen estadioetan–”, zehaztu du Olatzek. “Gainera, martxarako zinta robotizatuak ditugu, eta horiek laguntza baliagarria dira ibiltzeko zailtasunak dituzten pertsonak errehabilitatzeko. Gainera, adingabeekin lan egiteko espezializatutako gure terapeutek munduko lehen exoeskeletoa dute, Marsi Bionics etxearen Atlas 2030, garuneko paralisia duten haurrak zutik jarri eta ibili ahal izan daitezen.  Estimulazio kognitiborako teknologia ere badugu, hala nola NeuronUp plataforma, eta kalte zerebralaren errehabilitazio espezifikorako diseinatutako beste elementu asko ere bai”; lan hori solairu bereko beste gela zabal batean egiten da.

Cenerren, halaber, prestakuntza saioak eta tailerrak izaten dira sarritan, bai gure langileentzat, bai paziente eta senideentzat. “Familiaren zeregina oso garrantzitsua da kalte zerebralaren errehabilitazio prozesuetan, eta gure helburuen barruan dago lagunduko dieten tresnak eta ezagutzak ematea –dio Olatzek–. Zentroko profesionalek oso tailer praktikoak eman dituzte, hala nola mobilizazioei buruzkoak, disfagia arazoetara bideratutako sukaldaritzako teknikak, eskuetan arazoak dituzten pertsonek errazago erabili ahal izateko tresna arruntak egokitzeari edo jostailuak egokitzeari buruzkoak, baita familiek lesio neurologikoek pertsona batengan utz ditzaketen era guztietako ondorioak ezagutzeko, ulertzeko eta haien aurrean jarduten ikastera bideratutako beste batzuk ere, horien artean emozioen eta jokabidearen nahasmenduak edo komunikazio arazoak”.

Kalte Zerebraleko Zerbitzuaren jarduerez gain, Neurorrehabilitazio Zentroko bulegoek Aita Menniko Osasun Mentalaren Arloko profesionalen kanpo kontsultak ere hartzen dituzte. 

Centro de Neurorrehabilitación Aita Menni de Bilbao

Bilboko Aita Menni Neurorrehabilitazio Zentroa

Helbidea: Egaña kalea, 10. 48010 Bilbo (Bizkaia)

Telefonoa: +34 944 434 927

Inaugurazioa: 1997

Langileak: 24